Shostakovichen kontzertu teatralizatu batek musika, historia eta matematika konektatu ditu
Ordena eta Kaosa antzerki-narraziodun kontzertu bat da, zientzia-dibulgazioko ikuskizun gisa sortua, non musika, hitza, historia eta matematika uztartzen baitira publiko guztientzat irisgarria den esperientzia eszeniko batean. Ez da ohiko kontzertu bat, artea eta zientzia hibridatzen dituen eszenaratze bat baizik, non narrazioak aukera ematen baitu obra musikala bere testuinguruan kokatzeko, galdera zientifiko eta kulturalak zabaltzeko eta publikoa zenbait fenomeno sakonago ulertzera gidatzeko, hala nola ordena, kaosa, bibrazioa, egitura, memoria, tentsioa, ahots-aniztasuna eta adierazkortasun musikala.
BCAMek, EHUk eta Elhuyarrek bultzatutako Soinuaren zientzia proiektuko ikertzaile nagusi Luca Fanellik idatzi du antzerki-gidoia. Testua Dmitri Shostakovichen Trioa mi minorrean piezaren inguruan egituratu da, eta egitura musikalaren, gatazka historikoaren, tentsio emozionalaren, simetriaren, hausturaren eta memoriaren arteko harremana esploratzen du. Ekitaldia euskaraz eta gaztelaniaz antzeztu da, antzerki-narrazioa, dibulgaziozko azalpenak eta zuzeneko musika-interpretazioa uztartuta.







